Ohiko eta aldiriko garraiobideen langileek greba mugagabe bati hasiera eman zioten martxoaren 18an, komenio justu bat aldarrikatzeko asmoarekin. Esklabismo moduko lan-baldintzak eta miseriazko soldatak salatzen dituzte gidariek. 140.000 pztako batezbesteko soldata dutelarik, 10-16 ordu bitarteko lanordu nekagarria salatzen dute. Sarritan langileok goizeko 4etan euren lanordua hasi eta gaueko 11etan bukatzen dute. Takografoak manipulatu egiten dituzte zortzi ordu soilik lan egin dutela erakuts dezaten. Halaber, ez dira haien 12 orduko atsedenak errespetatzen. Horrez gain, zerbitzuen artean atsedena hartu ezik, autobusak garbitu behar dituzte. Asteburuetan euren familiekin egoteari uko egin behar diote, ikastetxeen txangoak edo elurretarako irteerak jartzen dizkietelako.
Egoera honek gainera egunero autobusez desplazatu behar duten milaka lagunon bizitza arriskuan jartzen du, ez baitakigu zenbateko lanordua eginda izan dezaken gidariak, eta nekeak ezbeharrak sor ditzakelako.
Egunero Bizkaia, Araba edo Gipuzkoara desplazatzen garen ikasleoi grebak kalte egiten digu eta izan ere, eskuma, ugazabak eta Eusko Jaurlaritza, klasera joateko ditugun zailtasunez baliatzen ari dira langile eta ikasleon artean aurkaketa sorrarazteko. Azken asteotan tentsio nabarmeneko egoerak jazo dira pikete eta ikasleen artean, ugazabek ez baitituzte langileek eta administrazioak hitzarturiko "zerbitzu minimoak" errespetatzen.
Ikasle Sindikatukook ez dugu uste, beste sektore batetik planteatu den bezala, geure fakultateetara iristearren "Ertzaintzak eskoltaturiko" autobusak ziurtatzea konponbidea denik. Neurriok ikasle eta langileak aurkan jartzea baino ez dute lortzen, ugazabak onuradun irteten diren bitartean. Horixe baita euren nahia, greba apurtzea.
Egoera honetako arduradunak ugazabak eta Administrazioa dira. Hauek langileen aldarrikapen justuetan amore eman behar dute. Halaber, etxean geratu behar garen ikasleon gastuak ordaintzeko baliabide ekonomikoak jarri behar dituzte. Nola ez, salatu behar dugu ere Euskal Herriko Unibertsitatean gero eta murriztuagoak diren karreren eskaintzek behartzen gaituztela beste hiri batzuetara ikastera joatea.
Ostera, Unibertsitate pribatuak finantzatzeko arazorik ez dute (Deustukoa, Gasteizen, Donostian edota Arrasatekoa). Lotsagarria da Irakiar herriaren kontrako gerra inperialista baten gastuak ordaintzeko dirua izatea eta beharrezko gauzetarako, aldiz, ez. Gerra horrek egunero 4.700 milioi pezeta kostatzen zaigu. Diru horrekin langile gehiago kontratatu zitezkeen, garraio duin eta seguru bat ziurtatzeko, edota institutu eta fakultate publiko gehiago eraiki, geure hirian bertan ikasi ahal izateko.
Gidarien lan-baldintzen hobekuntzak ikasleontzako bizitza-asegurua suposatuko luke, zeren eta batzuetan ez dakigu zein baldintzapetan desplazatzen garen egunero fakultatera, bizia errepidean arriskuan jarriz.
*UGAZABEK ETA ADMINISTRAZIOAK LANGILEEN ESKAKIZUN JUSTUAK ONARTU ETA IKASLE KALTETUEI GASTUAK ORDAINDU DIEZAIETELA.
* GERRARAKO DIRUA HEZKUNTZAN ETA HERRI-GASTUETAN INBERTI DADILA.
* APIRILAREN 3 ETA 10EAN DANOK KALERA GERRA INPERIALISTAREN AURKA.
* LANGILE ETA IKASLEAK, ELKARTURIK AURRERA!
pincha aquí para bajarte la resolución de apoyo a los trabajadores en lucha