Urkulluren eta Alderdi Popularraren gobernuak LOMCEari dagokion itun bat sinatu dute. Jakitera eman dute eta, diotenez, EAEn legea gutxiago aplikatuko dute, “Euskadik euskararen ezagutzarako eta erregulatzeko duen gaitasuna eta Eskola Kontseiluen funtzionamendua aitortuz”.
Ez da lehen aldia EAJk hezkuntza komunitateko borroka saihesten saiatu dena legea EAEn aplikatuko ez dela eta juridikoki helegitea jarriko dutela esanez, baina diotena diotela, akordio honek ez du eragotziko LOMCEk dituen alderdi atzerakoiak aplikatzea eta EAJk eskola publikoaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen aurkako erasoekin jarraitzea. Orain arte horretan aritu da: hezkuntzako aurrekontuak murriztu ditu, baina bitartean Kristau Eskola ikaskuntza pribatuko patronala eta ikastoletako patronalek diruz bete dituzte poltsikoak; zentroetako irakasle kopurua eta aurrekontuak murriztu dituzte, esaterako Helduen Hezkuntzako zentroetan, eta hamaika fakultate ezabatu dituzte, tasak igo eta bekak murriztu.
Broma da EAJk eta PPk, euskal eta espainiar eskuinak, “zentroetan euskararen eta demokraziaren defentsa” bermatuko dutela pentsatzea. Juxtu kontrakoa; modu eskandalagarrian murriztu dituzte euskararentzako aurrekontuak eta “mordaza legea” onartu dute, eta demokrazia, zentroetan bilerak eta batzarrak egiteko eskubidea oztopatu dituzte, Euskal Herrian LOMCEren aurka borrokatzen dugun gazteoi era guztietako mehatxuak eginez.
Hori dela eta, Ikasle Sindikatuak bilera batera deitu ditu sindikatu guztiak. CCOO, STEE-EILAS, LAB eta Ikasle Abertzaleak-ek hartu dute parte bilera honetan eta erasoak geldiarazteko hezkuntza komunitateko greba bateratu batekin borrokatzeko beharra azaldu diegu.
“Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki” plataformako kide diren LAB, STEE-EILAS eta Ikasle Abertzaleak-ek, ELA ere bertako kide da, erantzun dute hezkuntza zentroetan LOMCEri aurre egiteko hainbat aholku dituen gida osatu dutela, eta dagoeneko urriaren 11rako manifestazio bat antolatu dutela. Bestalde, CCOOk publiko egin zuen udazkenean LOMCEren aurkako hezkuntza mailako greba deituko zuela, baina oraindik ez dute mobilizaziorik zehaztu.
Ikasle Sindikatuak manifestazio hau babesten du, baina uste dugu ekimen hauek ez direla nahikoak eta erasoei erantzun osoago bat eman behar zaiela legea bere osotasunean ken dezaten eskatuz, eta ez bakarrik “bere alderdi atzerakoienak aplikatzea saihestu” eta gainera zentrorik zentro.
Beste behin sindikatuei, guraso elkarteei eta Ikasle Abertzaleak-eko kideei dei egiten diegu datorren urriaren 21, 22 eta 23an hezkuntza zentroak hustu eta kaleak hartzeko. Lor dezakegu!