tohil congreso“Ikasle mugimenduak bateraturik borrokatu behar du PP, EAJ eta UPNren aurka”

Asteartean, martxoak 12, Tohil Delgado Ikasle Sindikatua-Sindicato de Estudianteseko presidentea gonbidatu bezala joan zen Donostiako Ibaetako Euskal Herriko Unibertsitateko campusean antolatutako VI. Jardunaldi Marxistetara.

LEER EN CASTELLANO

 

Hitzaldira 50 gazte inguru bertaratu ziren, eta Tohilek Ikasle Sindikatuaren historia labur batekin hasi zuen; 80ko hamarkadetan hezkuntza publikorik jaso ezin zezaketen langileen seme-alaben egoera azaldu zuen; PSOEren gobernuak langile klaseari promesa faltsuekin egindako traizioaz hitz egin zuen; gazte eta langile talde marxista batek estatu osoko gazteriari borrokarako tresna eskaintzeko ikusitako beharraz mintzatu zen; langileen seme-alaben haserrea sistema kapitalistaren zapalkuntzarekin amaitzeko bilduko zuen erakunde baten beharra azpimarratu zuen. Hitzaldian zerbait argi geratu bazen, hauxe da: Ikasle Sindikatua ez da ikasle guztien sindikatua, langileen seme-alabena baizik; klaseko sindikatu borrokalari eta demokratikoen oinordeko zuzena da, eta hezkuntza publikoaren aldeko borroka sozialismoaren aldeko borrokarekin lotzen du.

Era berean, Tohilek azken hogeita hamar urteetako estatu espainiarreko klase arteko borrokaren historiako gertakari garrantzitsuenez hitz egin zuen, hauetan ere Ikasle Sindikatuak paper garrantzitsua izan baitzuen. 86/87 ikasturteko ikasle greba historikoekin hasi zen; orduan milaka eta milaka ikasle kalera atera ziren PSOEren gobernuaren politiken aurka, eta Tohilek gogorarazi zuenez, garaipen handiak lortu ziren borroka hauei esker; besteak beste, beka kopurua igotzea, ikastetxe gehiago eraikitzea eta bigarren hezkuntza doakoa izatea. Bestalde, 1991n Golfoko lehenengo gerraren aurkako borrokan Ikasle Sindikatuak jokatutako paperaz ere aritu zen, orduko hartan ikasle greba eta manifestazio handiak antolatu zituen esku hartze inperialistaren aurka soldaduskan zeuden langileen semeak gerrara joan eta bertan hiltzeko benetako mehatxua baitzuten, langile klasearen interesekin zerikusirik ez zuten kapitalista handien interes petroliferoen erruz. Martxoaren 11ko atentatu terrorista islamistaz ere aritu zen, Ikasle Sindikatua izan zen estatu mailako erakunde bakarra hurrengo egunean manifestaziorako deia egin zuena heriotza hauek eta PPren gobernua salatzeko, Irakeko herriaren aurkako gerra inperialistan parte hartzeagatik zuen ardura zela eta; greba orokorretan, ehunka lan gatazkatan eta PP eta PSOEren hezkuntza kontraerreformaren aurkako borroketan ere parte hartu duela ere gogorarazi zuen.

Ikasle Sindikatuaren paperari buruzko interbentzioa gaur milaka eta milaka gazte eta langilek estatu osoan aurrera daramaten LOMCEren aurkako borroka azalduz amaitu zuen; lege frankista honek, onartuz gero, izango dituen eraginez mintzatu zen eta Euskal Herriko eta gainerako nazionalitate historikoetako ikasleei nola eragingo dien esplikatu zuen.

Eztabaidako unean gai oso garrantzitsuak atera ziren; besteak beste ikasle erakunde faxisten papera eta nola hauek talde txikiak eta babes sozialik gabekoak izan arren, estatu aparatuak babesten dituen; Ikasle Abertzaleak bezalako beste ezkerreko gainerako erakundeekin dugun harremana eta honi LOMCEren aurkako borrokan ekintza batasunerako deia egin eta, batez ere, martxoaren 27ko manifestazioa bateratua izan dadin deia luzatzen diogula; edo Ikasle Sindikatuak jasan dituen prentsa burgesaren erasoak borrokan dauden gazteak kriminalizatzeko asmoz. Amaitzeko, azken interbentzio bat egon zen martxoaren 26 eta 27an greba antolatzera animatu eta Ikasle Sindikatuan afiliatzeko deia egiten zuena, azpimarratuz erasoak atzera botatzeko antolakuntzak duen garrantzia.